solar system
- 1. Astron.
Eguzkiak eta inguruan biran dituen astroek (planeta, planeta nano, satelite, asteroide eta kometek) osatzen duten multzoa. Eguzki-sistemako planetak, Eguzkitiko hurbiltasunaren araberako ordenan (hurbilenetik urrunenera), honako hauek dira: Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno.
Pluton eguzki-sistemako planetatzat jo zen aurkitu zenetik, harik eta 2006ko abuztuaren 24an Nazioarteko Astronomia Elkarteak planeta nano gisa sailkatu zuen arte.
- eu eguzki-sistema
- es sistema solar
- fr système solaire
- 1. Astron.
- Eguzkiak eta inguruan biran dituen astroek (planeta, planeta nano, satelite, asteroide eta kometek) osatzen duten multzoa. Eguzki-sistemako planetak, Eguzkitiko hurbiltasunaren araberako ordenan (hurbilenetik urrunenera), honako hauek dira: Merkurio, Artizarra, Lurra, Marte, Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno.
Eguzki-sistema Edit
Egilea: Jon Legarreta
Gure galaxiaren (Esne Bidearen) kanpoko beso batean kokaturik dagoen planeta-sistema da eguzki-sistema. Era berean, Esne Bideak eta beste galaxia batzuek —esaterako, Andromeda galaxiak— Galaxia Talde Lokala osatzen dute (galaxia). Eguzki-sistemaren izarra, Eguzkia, G2 motako izar bat da (izar), eta eguzki-sistemaren masa guztiaren % 99 biltzen du.
Eguzki-sistema duela 4.600 milioi urte sortu zen, gasez eta hautsez osatutako hodei batetik. Ondoren, hodei hark izar bat eratu zuen zentroan, eta, izar haren inguruan, partikula txikiz osatutako disko bat, disko protoplanetarioa. Apurka-apurka, partikula txiki haiek elkarrekin batzen hasi ziren, beste partikula handiago batzuk sortzeko (planetesimalak). Geroago, planetesimal haiek protoplanetak sortu zituzten, eta, azkenik, gaur egun ezagutzen ditugun planetak (planeta). Guztira, eguzki-sistemak zortzi planeta ditu, eta baita beste astro-talde bat ere: planeta nanoak, asteroideak eta kometak.
Eguzki-sistemako planetak bi talde nagusitan sailka daitezke: barnekoak edo telurikoak —Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte—, material solidoz osatuak; eta kanpokoak edo planeta erraldoiak —Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno—. Azken horien artean, beste azpisailkapen bat egin daiteke: Jupiter eta Saturno planeta gaseosoak dira, eta Urano eta Neptuno, berriz, planeta hotzak. Planeta erraldoi guztiek eraztunak dituzte, nahiz eta Lurretik Saturnorenak baino ezin diren ikusi. Planeta nanoen artean, Pluton, Zeres eta Eris (Xena) agertzen dira; nahiz eta itxura esferikoa mantentzea lortzen duten, ezin dituzte beste gorputz batzuk erakarri edo kanporatu.
Eguzki-sistemako beste gorputz batzuk sateliteak dira, eta planeten inguruan biraka dabiltza: Ilargia, Lurraren kasuan; Ganimedes, Jupiterren kasuan; eta Titan, Saturnorenean. Asteroideak, Marte eta Jupiterren artean, Eguzkiaren inguruan biraka ari dira (asteroide-gerrikoan), eta ez dute itxura erregularrik. Beste gorputz batzuk Kuiperren gerrikoan kokatzen dira, Neptunoren orbitatik haratago. Izoztutako astroak dira; haien artean ezagunenak Sedna eta Quaoar dira. Eguzki-sistemaren mugetan, kometak agertzen dira, eta gorputz horiek Oorten hodeian dute jatorria. Eguzki-haizeak izarrarteko espazioarekin edo beste izar batzuetatik datorren haizearekin bat egiten duen puntua da eguzki-sistemaren kanpoko muga. Muga horri heliopausa deitzen zaio, eta Eguzkiaren eraginaren mugak zehazten ditu (15.000 milioi km).